miércoles, 31 de octubre de 2012

GORPUTZ PERKUSIOA

Gorputza instrumentu akustiko, timbriko eta dinamiko batean erabiltzean datza. Horretarako erlaxatuta sentitu behar dugu gure gorputza.

Hauek dira funtsezko helburuak:

1. Funtsezko osaketa erritmiko eskolan oinarritu eta musika lengoaiaren elementu guztien ulermena gauzatu (melodia- altuera, armonia, texturak, dinamika-intentsitatea, tinbrea...)

2. Gorputza sentikor bihurtu. Ekoa praktikatzea, rima eta esaera zaharrak laguntzeko ostinato simpleak erabiltzea, ahokorapiloak, kanonak, inprobisazioa... dira instrumentu hauek erabiltzean emaitza onak lortzeko bidea.

3. Mugimendua koordinatu eta ekintza eragile oinarrizkoak garatzea.

4. Talde lana sustatzea.

5. Kontzentrazio gaitasuna garatzea.

Agudotik baxura eta  gorputzaren ardatzean goitik behera, instrumentu erabilienak zehazten dira jarraian:


Karraska edo txilibitua:  atzamarrekin egin daiteke, baina adin txikikoek izaten dituztenen zailtasunengatik, aho karraskarengatik izaten da ordezkatua.

Txaloak: Gorputzaren edozein partetan eman daitezke txaloak ( buruan, bularrean, hanketan...). Efektu erabilienak hurrengo hauek dira: esku luzatuekin soinu disdiratsuak ateratzea, eta esku hutsen soinu opakua. Intentsitate desberdinak ere lor ditzakegu segun eta zenbat atzamarrekin joten dugun gorputzeko edozein parte. 

Belaun edo izterrak: Eskuekin izterrak edo belaunak jotzen ditugu zutik edo belauniko. 

Hankak (oinkada): Zutik edo jesarrita egiten da praktika hau, oin batekin, biekin edo alternantzian. Punta eta orpoa ere erabil ditzakegu.






Gorputz perkusioa gure ikasleekin lantzea ere interesgarria ikusten dut. Izan ere, uste izaten dugu musika, instrumentuekin egin daitekeela soilik eta hori mito bat dela ikusi dezakegu sarrera honetan zintzilikatu ditudan bideoetan.

Ikasleekin lantzeko polita ikusten dut dinamika hau. Lehenengo eta behin honi buruzko informazioa emango nieke. Mayumana taldeari buruzko datu batzuk eman eta hauen bideoak erakutsiko nizkieke. Mayumana tade honek orain dela urte batzuk famatua egin zen Coca Cola al Limon freskagarriaren iragarki bat egin baitzuten. Azkenik ikasleekin horrelako musika sinple bat entsegatzen saiatuko nintzen, gorputz perkusioaren esanahia beraiek ere barnera dezaten.

lunes, 22 de octubre de 2012

SANTA AGEDA BEZPERA



Santa Ageda edo Santa Agedako bezpera otsailaren 5aren aurreko egunean Euskal Herrian ospatzen den jaia da. Ohitura da egun honetan edo bezperan herrietan koplak kantatu eta diru edo janari eske ateratzea. Herri askotan makilekin ateratzen da kalera, lurrean joaz erritmoa markatuz. Euskal Herrian errotua den festa bat da, kantua, bertsua eta musikaren inguruan iragaiten dena.


Santa Agedaren ospakizuna antzinako baserritarren sineskera edo ohituraren baten ordez Elizak ezarritako festa da. Gaur ohitura zahar hori somatu baino ezin dugun arren, ernalkuntza eta ugaltasuna, emankortasunarekin alegia, zerikusia duela esaten da. Baita haurdunaldian dauden edo seina duten amekin ere.


Euskal Herrian zehar, ospakizun desberdinak daude Agate Deunaren egunean: zenbait lekutan kanpaiak jotzen dituzte sorginak uxatzearren, Nafarroako herri batzuetan tximiniak garbitzen dituzte urtean zehar suteak gerta ez daitezen... Baina ezagunena eta zabalduena, etxez etxe eskean joatea da abestiak eta koplak kantatzen diren bitartean.


Santa ageda  Sizilian jaio zen, 230. urtean. Kondairaren arabera kristau sutsua izaki, nahiago izan zuen martiri bihurtu, gizon fedegabe baten ezkontza proposamenari baiezkoa esatea baino. Diotenez, sufrimenduz beteriko amaiera izan zuen, bularrak moztu baitzizkioten.







Santa Ageda bezpera arestian esan bezala, oso egun berezia da euskaldunontzat. Izan ere, Euskal Herriko txoko gehienetan abesten dira bertso eta koplak egun honetan, makila hartu eta baserritar jantzirik. 

Garrantzitsua da umeek ohitura hau nondik datorren jakitea eta honekiko hausnarketa txiki bat egitea. Santa Agerdaren esanahia barneratu behar dute eta honen garrantziaz ohartu, nor zen, zer gertatu zitzaion...

Horregatik herri bakoitzean edo leku bakoitzean abesten diren koplak ikastea da helburua, kultura eta ohitura ez dadin galdu eta urteetan iraun dezan.



jueves, 18 de octubre de 2012

REGGAE


Zer da Reggae?

Reaggae jamaikar jatorriko musika generoa da, Skaren eta rockstadyaren hurrengokoa. Rastafari mugimenduari oso lotuta dagoen musika da.


Jaiotza

Reggaea, gaur egun ezagutzen dugunaren aitona, 1960ko hamarkadan jaio zen. AEBetako R&Ba eta Jamaikako momentoaren arteko maitasun harremanak skaren sorrera ekarri zuen. Urte alaiak ziren haiek. Jamaikak ingelesen kolonia izateari utzi zion, formalki bada ere, 1962an independentzia lortu zuenean. Etorkizun hobe baten esperantzarekin sortu zen ska musika, alaia eta dantzagarria. Ez zuen asko iraungo. Kolonialismo batetik bestera pasa ziren eta berehala AEBetako dirudunek, eguzki izpien egarri, uhartea bereganatuko zuten. Rocksteady deitu zioten, turistentzat aproposak ziren erritmo eta letra goxoak, azukrez gainezka, zituen musikari.
Urteak pasa eta sendi boteretsu batzuk kenduta, miseria gorrian eta esperantzarik gabe bizi ziren jamaikarrak. Independentziak ez zien espero zuten bizimodua ekarri eta musika bihurtu zen, erlijioa eta ganjarekin batera, aurrera egiten laguntzen zien euskarria. Marcus Garveyren esanek begiak ireki zizkien eta beltza izatea ona zela eta beltz izateagatik harro sentitu behar ziren mezuak reggae musikaren bidez sukarra bezala zabaldu ziren, irrati eta sound systemen bozgorailuak lagunduta. Garai berri baten sorrera zen.



Urrezko Aroa

1970eko hamarkada, gure ustez, reggae musikaren urrezko aroa izan zen; bai musikalki eta baita eduki eta sentimenduei dagokienean. Musika jaioberriaren indarra geldiezina zen eta besteak beste, Bob Marley bezalako abeslari eta musikari apartei esker, mundu osora zabalduko zen, zeharkatzen zuen mundu hori eraldatzeko gogo biziarekin. Diskogintza alorrean, garai ilunak izan ziren reggaearentzat, baina, zorionez, gaur egun, hainbat reggae zaletu eta diskoetxeen arkeologi lan izugarriari esker, ustez galduta zeuden edota lortzeko oso zailak ziren garai hartako altxor ugari berreskuratzen ari dira. Azpimarratzekoa da Blood & Fire, Pressure Sounds edota, azken aldian, Trojan bezalako diskoetxeak egiten ari diren lana.



Reggae generoa oso gutxi ezagutzen den genero bat izanik, uste dut interesgarria egin dakiekela ikasleei honen nondik norakoak ikastea. Istorio benetan interesgarria du musika genero honek, eta umeen intereserako hainbat musikari landu daitezke, adibidez Bob Marley, genero honen erregea nolabait esateko, Blood and Fire... edota Euskal Herrian reggae musika landu dutenak ere bai, Fermin Muguruza edota Basque Dub Fundation (BDF) esate baterako.

Rastafariek reggae musikarekin duten lotura ere azaltzea uste dut dibertigarria izan daitekela, hauen argazkiak erakutsiz eta hauen itxura argitara ekarriz. Bestalde musika desberdinak entzutea uste dut ere komenigarria dela, betiko errutinatik pixka bat irtetzeko.

Beraz, hau da musika klase batean landu daitekeen materia berri bat, ikasleentzako dinamikoa eta praktikoa izan daitekena.







miércoles, 10 de octubre de 2012

Txirula!





Hemen uzten dizuet txirula jotzeko erabili daitekeen orrialde bat. Marrazki  honen behealdean agertzen den linkean klikatuz gero, posizio guztiak eta soinuak ere ikasi ahalko dituzte ikasleek modu dibertigarri eta erraz batean.

Oso modu dinamikoa da umeak txirula jotzen ikasteko. Musika klaseetan erabilgarria da, baina baita ere, etxean praktikatzeko. Blogean zintzilikatuz gero, ikasleak etxeko ordenagailuen aurrean txirula nola jo ikasi ahal izango dute eta eta irakasleak txirula joz ikasteko kantu berriak ematen doan heinean, dudaren bat izanez gero ere, web orrialde honetara jo ahal izango dute. 

Beraz, oso praktikoa dela uste dut, gainera ikasleek txirula ikasteko modu desberdin hau eskertuko dutelakoan nago.

Hasi gaitezen beraz, guztiok batera txirula modu dibertigarri batean ikasten! Animo!